XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

III. GUTUNA

CÉCILE VOLANGESEK SOPHIE CARNAYRI

Oraino ez dakit deus ere, adiskide maitea.

Amak asko jende zuen atzo afaritan.

Afaldarrak, gizonak bereziki, aztertzeko nuen arretagatik, asper-asper eginda nengoen.

Gizonek eta emakumeek, asko behatu zidaten, eta gero ahapetik mintzo zitzaizkion elkarri; ongi nekusan nitaz mintzo zirela: ahalke gorritan jartzen ninduen horrek; ezin nuen erremediatu.

Nahi bai nik, ohartu bainintzen bertze emakumeei behatzen zietenean, ez zirela ahalke gorritzen; edo agian aurpegian jarria duten gorri koloreak ez du uzten estuasunak sortzen dien gorritasun huraxe ikusten; zeren ez gorritzeak hagitz nekeza izan behar baitu gizon bat begiz begi so duzunean.

Nitaz zer pentsatzen ote zuten ez jakitea zen gehien kezkatzen ninduena.

Bizpahirutan hala ere polit hitza entzun uste izan nuen: baina moldakaitz hitza ere argi eta garbi entzun nuen; eta hala beharko du izan, zeren eta horrela mintzo zen emakumea nire amaren ahaidea eta adiskidea baita; iduri ere zuen berehala adiskidetu zela nirekin.

Hura da afalondoko bilkura hartan ele doi bat eman zidan presuna bakarra.

Bihar haren etxean afalduko dugu.

Afalondoan, hain segur nitaz mintzo zen gizon bati entzun nion bertze bati erraten: Umotzen utz dezagun hau, aurtengo neguan ikusiko dugu.

Gizon hori izanen da agian esposatuko nauena; baina orduan ez da lau hilabete barru arte izanen!

Auzi hau zertan den jakin grinak nago.

Horra Joséphine, eta presaka dabilela erraten dit.

Neure bertze moldakaizkeria bat dizut hala ere kontatu nahi.

O! Andre horrek arrazoi duelakoan nago!